1
Neskatila batek Teresa Ama zelatatzen du
Atsedenaldien liburua, bigarren atsedenaldia (1585). Maríak «Grazia» du izena eta «Justa» izenekoarekin solasean ari da.
[...] Jainkoak harekin egiten zuela ulertzen genuen horretatik zerbait ikusteko irrikaz, batzuetan bere zeldako atearen zirrikitutik begiratzen genion, han giltzapetzen baitzen, eta estasian ikusten genuen; eta nik, neure begiz, zenbait aldiz ikusi nuen hala, eta disimulu handiz ateratzen zen hartatik, badakizu eta, ahizpa, zein neurritsua izan zen beti eta zein kontu handiz estaltzen zituen Jaunak jakinarazten zizkion handitasunak. [...] Garai hartan deitu ninduen Jaunak bizitza erlijiosora, gure Ama eta haren lagunak ikusten eta tratatzen nituela, haiek beren bizitza eta solas miresgarriaz harriak ere hunkitzen baitzituzten. Eta haien atzetik joanarazi ninduena gure Ama onaren eztitasuna eta zuhurtzia handia izan zen. Eta benetan uste dut, arimak Jainkoarengana eramateko eginkizuna dutenek santa hark erabiltzen zuen trebetasuna eta abilezia erabiliko balute, orain eramaten dituztenak baino askoz gehiago eramango lituzketela; izan ere, gure izaera atsegina bilatzera eta nekeari ihes egitera makurtua denez, bertutea eta Jainkoaren zerbitzua latz eta zail bezala margotzea ahulak izutzea da, Kristogatik sufritzea zein gozoa den dastatu ez dutenak.
Atsedenaldien liburua, bigarren atsedenaldia.
Niretzat hain zoriontsua izan zen egun hura iritsi zenean, Jaunak Egiptotik atera ninduen eta bizitza erlijiosora etorri nintzen eguna, hogeita bigarren urtean nintzela, San Grigorio Nazianzoko loriatsuaren egunean, egun hartaz geroztik nire aita eta babesleku dudanarenean, mila bostehun eta hirurogeita hamargarren urtean, maiatzaren bederatzian, ezin izango dut esan, ahizpa maitagarria, une hartatik Jaunak eman zidan poza; eta gaur arte, ezta lehen mugimenduz ere, ez zait burutik pasatu damutzea edo atsekabea izatea; aitzitik, hain handia zen arimako poza, ezen askotan ezin bainuen barrea disimulatu.
3
«Arima bat gobernatzea, mundu bat gobernatzea»
Priora batek beste bati ematen dizkion aholkuak (1590-1592). Tratatu honetako izenburuak editorearenak dira.
Arima bat gobernatzea mundu bat gobernatzea da, horrela deitzen baitiote gizakiari: «mundu laburtua». [...] Nagusi ona izango al da ezer barkatzen ez duena? Ez, inola ere. Nagusi ona izango al da ezer zigortzen ez duena? Ez, inola ere. Nagusi ona izango al da beti errukitsua dena? Ez. Nagusi ona izango al da beti zorrotza dena? Ez. [...] Oi, zer nolako artea eta zientzia den muturrak gobernatzea! Eta nagusiak bigun eta zorrotz izan behar du, mendekari eta barkabera, eskuzabal eta zeken, otzan eta haserrekor, pazientziatsu eta pazientziagabe, xalo eta maltzur, presakor eta berankor. Eta badirudi horietatik zerbait falta bada erlojua desdoitzen dela. [...] Eta hala izango da zuhurtziarik ez badago, zuhurtziak antolatzen baititu zati horiek guztiak, eta bakoitza bere garaian baliatzea eta beharraren arabera aplikatzea eragiten du; eta zuhurtziarik gabe, esandako guztia izanda ere, ez da onuragarri izango ez ezik, kalte ere egingo du, ero baten eskuan jarritako zauritzeko arma asko izateko baino ez baitu balioko. Izan ere, zorroztasuna erabiliko du biguntasuna komeni denean, eta barkatu egingo du zigortu behar duenean, eta zauritu egingo du sendatu behar duenean.
4
Oinuts pobre eta preso baten gutuna
1593an idatzia, bere giltzapetzetik, bere ahizpa eta alabei, «hala ikusita atsekabetuta baitzeuden».
Ez dakit, ahizpa eta alaba maiteok, emakumearen grinari eta samurtasunari leku emanez zuen malkoei lagundu behar diedan, edo bihotzaren argiari jarraituz zuen atsekabeaz kexatu behar dudan; izan ere, elkarri diogun adiskidetasun estuaren legearen arabera, ez da bidezko zuek negar egitea nik barre egiten dudanagatik, ezta onurak egiten dizkidanaren aurka kexak egitea ere. [...] Baina berriro galdetzen dizuet, maiteok: Zergatik nahasten zarete? Ez al dakizue, ausaz, estualdiaren aintza eta aberastasuna, ala gauza berria eta ohiz kanpokoa iruditzen zaizue Adamen seme-alabak atsekabetuak izatea?
[...] Eta nire onera itzuliz, eskatzen dizuet, alaba maiteok, ez zaitezten nahigabetu ni hemen giltzapetuta ikusteaz, ezta atsekabetu ere nire askatasunerako giza bideen ate guztiak itxita daudelako, [...] hori konpon dezakeena ez baitago urrun. Berak ikusten du eta onartzen du, eta agian poztu ere egiten da ni ikusteaz, gure pazientzia ikusteko; berarekin hitz egin dezakezue; berari aurkez niezaiokezue, eta berarekin lagun nazakezue. [...] Haiek [santu presoak] etsai krudelen artean, ni ahizpa errukitsuen artean; haiek kartzela lotsagarrietan, ni zeruko txoko batean, non hain errukiz bisitatzen nauen zaindari eman zidaten aingeruak. [...]
Eta kartzela honetatik atera baino lehen hura etorriko balitz, jakin dezatela nire alaba maiteek eta ahizpa kuttunek pozik hiltzen naizela, nire aita loriatsu San Grigorio Nazianzokoak esan zuena esanez: Orduan ikusiko naiz mendekatua, jazartzen nautenak salbatzen direnean. Hala izan bedi. Amen. [...] Otoitz egin ezazue, maiteok, zuen ahizpa eta zerbitzari María honengatik. Laus Deo.
Mirra-sorta (1595), Kantarik Ederrenaren 1, 12 bertsoaren iruzkina.
Mirra-sorta da niretzat nire Maitea; bularren artean ezarriko dut. Zer da hau, emazte santua? Mirra mingotsezko sorta deitzen diozu Maiteari? [...] Begira ezazu Senarra ez dela Adamen izaerakoa, harekin sagar gozoa jatera joan behar duzula; Kristo Jesus da, gozotasun hori gurutzearen mingostasunaz eta oinazeaz ordaintzen duena; eta ezkontza-eskua eman behar badiozu, iltzeak lotu behar du harenarekin. Odolezko Senarra da. [...] Bere apaingarriak irainak dira; bere ohoreak, laidoak; bere atseginak, zigorkadak; bere musikak, biraoak; bere janaria, beazuna; bere koroa, arantzak. [...]
Oi, ene Jaun ona! Ez da harritzekoa zu guretzat mirra izatea, gu zuretzat beazun izan baikinen; eta zuk hura dastatuz, Evaren alabei gure amak jan zuen sagarraren zaporea kendu nahi izan zenien. Oi, zein zoriontsu eta dohatsu den bularren artean ezarritako mirra zatzaizkion emaztea; eta nork jakingo du esaten zenbat atsegin eta gozotasun dagoen mingots izena duen honetan!
«Bere begiei malkoak eskatzen dizkie» (Toledo, 1562).
Ongiren bat egin behar badidazue,
begiok, negarra izan behar du;
atsekabeak pozten bainau,
eta atseginak tristatzen nau.
Ez zaitezte harritu gustu honetaz,
ez eta usteltzat epaitu:
neure ardura jartzen baitut
pena eta nahigabe bilatzean.
«Dagoeneko osoki Maitearena» (Malagón, 1571).
Munduaz eta haren hizkeraz ez da ezer jada
poza ematen didanik, hutsala baita:
ofenditzearen beldur bakarrik naiz
nire Jesus gozoa, Errege gorena,
bizitza jada gogaikarria baitzait,
eta atzerapen oro gizagabeko
oinaze da, kartzela gogorra: preso
nauka nire Onetik hain aldenduta.
Baina arima bere erdigunera iritsi denean,
maitasunak egoitza egiten duen tokira, eta piztua
su maitekorrean, une batean
bizia ematen dion maitasunak eraldatzen duenean,
bere baitatik kanpo, adimen goraz,
jainkozko besarkadan hartua,
dio: Ene Maite gozoa, zurea naiz jada,
besarka dezala nire burua zure eskuinak.
«Ez dut kezkarik». 1593ko Pazkoa, Lisboako komentu-kartzelan (Portugal).
Nire Berreroslea berpiztu denez,
nire askatasunaz ez dut kezkarik.
Aintzaz beterik ikusteaz pozik nago,
laburra da bizitza hau, eta gutxi balio du.
Saria handiagoa izatea nahi nuen,
nire askatasunaz ez dut kezkarik.
Ez da bidezkoa gaur negarra eta intziria entzutea,
alai ikusten baitugu gure Maitea.
Heriotzaren lotatik gaur jaiki da,
nire askatasunaz ez dut kezkarik.
Ahuspez, bihotz osoa ematen diot,
har dezala nire Jaunak jabetza askea.
Ongi bakar honen irrika izan baitut beti:
nire askatasunaz ez dut kezkarik.